XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arrebari begiratu zion.

Liburutegiko erlojuak zazpiak jotzean, arreba gizona kabinatik arrastaka ateratzen eta kalearen bestaldera bidaltzen imajinatzen zuen, eta horrek Warreni mirespena sortzen zion.

Ondoren, telefonoa deika hasten zen momentu berean, kabinan sartu eta hotz-hotzean hau esango zuen:

Bai, esan.

Warrenek beti pentsatu izan zuen nagusia edo pertsona heldua izateko gauza handiak eta harrigarriak egin behar zirela.

Eta hala ere, amarekin hitz egin ahal izateko arrebak gizon hura kabinatik bidaltzea, hura bai zela ekintza harrigarria, inoiz imajina zezakeen handiena.

Kabinaraino joan eta kanpoan itxaron zuten.

Barruan, gizonak honela zioen:

- Tira, Marsha, utzidazu esplikatzen.

Emaidazu gauzak esplikatzeko aukera!

- Zer ordu da? -galdetu zuen Warrenek, urduri, postura aldatzen zuen bitartean.

Weeziek erlojuari begiratu eta bi hatz altxatu zituen.

Warren, hitzik egin gabe, zain geratu zen.

Weeziek begiak erlojutik altxatu gabe itxaron zuen.

Gero hatz bakar bat altxatu zuen.